
Fran Iturbek izan ezik, Bide Ertzean taldeko kide guztiak aurkeztu zuten diskoa Donostian.argazkia: ruben plaza
Donostia. Zuzeneko diskoa graba-tzea "aspaldiko ametsa" omen zen Bide Ertzean taldearentzat, baina lehena ez zuten "edozein modutan" egin nahi. Musikari askok bira berberako hiruzpalau emanaldi graba-tzen dituzte eta saio ezberdinetako hainbat kantarekin disko bat osatu. Tolosarrek, berriz, emanaldi bakarra "ikuspegi artistiko batetik" jaso nahi zuten "soinuz eta irudiz", zinema eta musika bikain "uztartzen diren arteak baitira". Horregatik, Modus Operandi produkzio etxera jo eta joan den urtarrilaren 16an Tolosako Leidorrean eginiko kontzertua grabatu zuten Imanol eta Joni Ubedak, Karlos Aranzegik, Joserra Senperenak eta Fran Iturbek.
10 urteko ibilbidea Haurdunaldia balitz bezala, emaitza bederatzi hilabete geroago iritsi da Leidor Sessions (Gaztelupeko Hotsak) izeneko lanarekin. Zenbait taldekidek atzo aurkeztu zuten CD+DVDa Donostiako Fnacean. Adierazi zutenez, hamar urteko ibilbide oparoa laburbildu dute diskoan eta horregatik inork ez ditu faltan botako Hiri emanen dizkinat , Hotel Bel-Air , Atsegin ditut edota Zein da bidea bezalako kantak. Gainera, proiektuari "balio erantsia" ematen dion Graffitti argitaratu gabeko abestia ere sartu dute.
Grabazioari ekin aurretik, hiru aste egon ziren saioak egiten, dena ondo atera zedin. "Okasiorako prestatutako zuzenekoa da eta ez genuen estudioan moldaketarik egin nahi, ezta ezer birgrabatu ere", esan zuen Senperenak. Astebete lehenago, Leidorren bertan egon ziren, argiak eta soinua ondo zaintzeko eta kamara lanak egin zituen Raul Lopezek dena kontralatuta edukitzeko. Modus Operandiko Miren Aperribayk esan zuenez, ekoizteko lana "ugaria" izan zen eta taldeak aten-tzio eta "ilusio handiz" jarraitu zuen prozesu osoa. "Beharbada, astun samarrak izan gara, muntaia egiteko garaian oso gainean egon garelako, baina gauzak asko zain-tzen ditugu, ez dakigu beste era batera lan egiten", aitortu zuen Imanolek.
Musika dokumentalak edo musikarekin lotutako filmak beti izan dituzte gustuko eta, "eredu" gisa erabili dituztenen artean. bi nabarmendu zituzten bereziki, Neil Youngen inguruko Jonathan Demmek filmatu zuen Heart of Gold eta Julian Schnabelek egindako Lou Reeden Berlin . Amy Winehouse ere aintzat eduki dute, Tolosako eszenatokia alfonbra gorri batekin estaltzeko ideia bere kontzertu batetik hartu baitzuten.
Leidor Sessions CD+DVDa hilaren 23an debalde proiektatuko dute Leidorren bertan. Hori gutxi balitz, zuzenean ere defendatzeko asmoa dute, azaroaren 3an Bilboko Kafe Antzokian, 6an Andoaingo Basteron eta 7an Bergarako kultur etxean.
|
|
© NOTICIAS DE GIPUZKOA
Avda. Tolosa 23 · 20018 Donostia · GIPUZKOA ·
Tel 943 319 200 · Fax Administración
943 223 900 · Fax Redacción 943 223 902