
Aguztin Ezeiza, Donostian.argazkia: ruben plaza
Donostia.Zerk bultzatu zintuen 'Zeruko Argia' astekaria sortzera?
Euskal kultura sortu eta indartu behar zelako hartu nuen erabakia. Lehendabizi ikusi nuen herri batek garatu behar duela bere kultura osotasunean eta orduan etorriko direla beste eskaerak, orduan eran-tzun beharko direla. Informazioaren bidez ikusten nuen nahitaezgauza asko egitea posible zela: jendeak elkarrekin harremana har-tzen du, legea hartzen du, indarra hartzen duela esango nuke.
Nola gogoratzen dituzu hasierak?
Zeruko Argia berez askoz aurrekoa da. 1919an sortu zen Euskaltzaindia jaio zen urte berean, baina orduan aldizkari erlijioso bat bezala sortu zen eta gerra etorri arte iraun zuen. 1950ean, berriz, hileroko bezala sortu zen eta, artean ere, errebista erlijiosoa bezala, zazpi edo zortzi urte iraun zuen. Orduan hamabostaldikoa izatera aldatu nahi izan zuten, baita azalez eta formaz egokitu. Hiru zenbaki atera eta berehala Ministerio de la Información delakoak eten egin zuen. Garai hartan hark agintzen zuen eta ez zegoen ezer egiterik; apropos baimena eman zuen pixka bat zorrak sortu arte eta gero kendu. Orduan, 1962an Pan Pin izeneko haur aldizkaria zuzentzeko agindu zidaten. Hori bideratu ondoren pentsatu nuen Zeruko Argia astekaria kaleratzeko aukera egongo zela, baina beste zabaltazun batez eta informazio orokorrarekin. Garai hartan, Fraga Iribarnek prentsako lege berria atera zuen eta hura aprobetxatuz lortu genuen baimena astekari gisa sortzeko.
Zeintzuk izan ziren aurre egin beharreko zailtasun handienak?
Kazetari bat eskatzen zuten eta lehenengo zailtasuna kazetari euskalduna aurkitzea zen. Gainera, Iruñean edo Nafarroan aritu behar ginen, guk ez genuelako Donostian atera nahi. Bagenekien Donostian ateraz gero, bizpahiru zenbaki plazaratu eta itxi egingo gintuztela. Orduan, kaputxinoen buruak Iruñean zeuden eta han kokatu genuen astekaria, nahiz eta Donostian prestatu. Ez dakit nola gertatu zen, baina badakizu zein izan zen Zeruko Argia ren lehen kazetaria? Iñaki Gabilondo. Prestatu zen eta gugan konfidantza guztia jarri zuen. Horrela hasi ginen, zailtasun horiekin guztiekin, baina hasi ginen.
Hori ez zen izan zailtasun bakarra...
Hasieran ez genuen ez lokalik ez bilgunerik. Idazleak eta kazetariak ez genituen ia ezagutzen. Baserritarrak kenduta, irakurle berriak sortu behar genituen. Astekari bezala irauteko iragarkiak ere lor-tzea beharrezkoa zen. Euskal Herriko jaiak aprobetxatu nituen jaietan zeuden herriek iragarkiak ipintzeko. Horrekin ere nahiko protesta izan nituen, baina azkenean aurrera egin genuen.
Zentsura ere jasan zenuten garai hartan.
Zentsura gogorra. Arerio handienak ofizialak ziren, hemengo ministeriokoak. Gaur egun gauza bitxia ematen du baina artikulu guztiak nahitaez hitzez hitz irakurri behar izaten nituen, hitz bat pixka bat goragokua zen edo ez jakiteko eta mozteko baldin bazen. Ez zegoen edozein hitz esaterik, gauza sinpleenak ere ezin ziren idatzi. Gaur egun argitaratzen diren egunkariak ikusita, hori gertatu izana ezinezkoa dela ematen du. Badirudi Erdi Arokoa baino lehenagoko kontua dela, baina hala gertatu zitzaigun eta hala ibili behar izan genuen.
Euskararen batasuna beharrezkoa zela agerian geratu zen.
Hasieran denak ziren euskaltzaleak, euskaraz idatzi nahi zuten, baina segituan agertu ziren puristak, euskera garbia bakarrik nahi zutenak eta beste batzuek mordoilo zaleak deitzen zigutenak. Orduan borroka handiak gertatu ziren idazleen artean. Aurkakoak eta aldekoak zeunden. Hasieran ez zegoen pentsatzerik geroago etorri zen batasuna.
Zeintzuk izan ziren, zure ustez, zuen lanaren emaitzak?
Alde onak ekarri zituen. Alde batetik, gerra ondoren idazle gutxi geratu ziren. Bestetik, gazteen artean ez zegoen inor prestatuta idazteko, ez karrerarik, ez ezer. Beti esan dut idazle berriak sortu zirela; gaur egungo idazle on asko garai hartan jaio ziren. Gainera, hiriko irakurleak pixkanaka-pixkanaka sortzen joan ginen. Berehala beste gauza asko sortzen hasi ziren. Euskarazko beste astekaririk ez zegoenez, herri batean konpainia batek antzerki bat egiten bazuen eta gure orrialdeetan atera beste herrietatik dei egiten zioten, eta antzerkigileak eta garai hartako kantariak (Xabier Lete, Lurdes Iriondo...) indartzen eta zabaltzen joan ziren. Lehiakideak ziren baina beste asterokoak edo hamabostaldiak behintzat atera ziren, Anaitasuna besteak beste.
Eta tratatzen zenituen gaiak ere zabaltzen joan ziren.
Zeruko Argia astekariaren barruan sail berriak sortu ziren: politika, ekonomia, gazte saila, elkarrizketak... Poliki-poliki sortu ziren eta kontu handiz, Ministerio de la Información delakoa gainean zegoelako.
Beraz, alde handia dago gaurko kazetaritza eta zu bizitakoaren artean.
Ezin da konparaziorik egin, hasierako kontuak ziren. Pixkanaka-pixkanaka bidea urratzen joan ginen gu, besterik ez, eta orain beste batzuk lantzen ari dira. Orduan oso mugatuta geunden eta jende gehiena ikasi gabekoa zen. Orain jende asko dago prestatua, beste mundu bat da. Nik neuk neure buruari galdetzen diot nola pasa genuen hura; ez zait sinesgarria iruditzen nerokek pasa izanda ere.
Nola ikusten duzu 'Argia' astekariak gaurdaino egindako lana?
Uste dut oso lan ona egin duela. Esango nuke guk hasierakoa egin genuela, bidea urratu, eta gero Argia k pauso handi bat eman duela. Ikaragarri aurreratu du eta gero etorri direnek ildo hori kontuan izan dute.
|
|
© NOTICIAS DE GIPUZKOA
Avda. Tolosa 23 · 20018 Donostia · GIPUZKOA ·
Tel 943 319 200 · Fax Administración
943 223 900 · Fax Redacción 943 223 902