
Donostia. Euskaltegietan eta ikastoletan EGA (Euskararen Gaitasun Agiria) azterketa prestatzeko erabiltzen den hainbat material bildu eta eskuragarri jarri dute sarean, doan, AEK, EHU eta Ordiziako Jakintza Ikastolako arduradunek. www.egela.aek.org webgunean sartuz gero, EGA azterketa osatzen duten azpisail guztiak lantzeko hamaika ariketa aurkituko ditu ikasleak, etxean osatzeko.
"Edozeinek egin dezake proposatzen dugun ikastaroa, izena eta e-mail helbide bat sartuta bakarrik", azaldu zuen AEKko Andoni Tolosak. Hortik aurrera, atarikoak, idazketa, entzumena, sinonimoak, berridazketa, irakurmena eta min-tzamena atalak topatuko ditu erabiltzaileak.
Tolosak adierazi zuenez, feedback automatikoa ere badago ikasleak ariketak egitean akatsak zuzendu eta bestelako laguntza topa dezan. Izan ere, ikastaro moduan planteatuta dago, nahiz eta ariketa solteak ere egin daitezkeen.
Unibertsitatean zein ikastetxeetan ohikoa den eta edukiak konpartitzeko pentsatuta dagoen Moodle plataforman erabiltzeko diseinatutako programa da atzo Donostian aurkeztutakoa, nahiz eta, momentuz, testatze fase batean dagoen AEKren gunean. Erabiltzaileak, baina, ikastaroa jaitsi dezake doan ariketekin jarraitzeko.
Ariketak egiteko laguntza eskain-tzen duten azalpenak eta materiala jaso dute sarean, baina baita aurreko urteetako azterketa ereduak ere ikasleak landu ditzan. Hain zuzen ere, azken egunotan horren harira eztabaida sortu da, Hezkuntza Sailak Maite Goñi Ordiziako ikastolako irakasleak Euskal Jakintza webgunean jarritako azken bi urteotako azterketak kentzeko agindu ondoren, egilearen eskubideak eta baimen kontuak zirela eta.
hika-mika Goñi bera izan da, EHUko Ainhoa Ezeiza irakaslearekin batera, orain AEKren webgunean lan egin duena. Denbora darama dagoeneko EGA presta-tzeko materiala digitalizatzen Euskal Jakintza web orrian eta, orain, AEK eta EHUrekin batera osatutako helbidean. Bertan, lehenago ikastolako helbidean jarritako materiala ere erabilgarri dago, Hezkuntza Sailak debekatutako azken azterketak salbu. Zehazki, 2007 eta 2008ko frogak dira sarean eskuratu ezin diren bakarrak, nahiz eta paperean jadanik badauden.
Erabaki horren inguruan ez zuten mintzatu nahi izan AEK eta EHUko kideek, ezta Goñik berak ere, nahiz eta materiala konpartitzearen aldeko deia egin hori ikasleentzako onuragarria delakoan.
|
|
© NOTICIAS DE GIPUZKOA
Avda. Tolosa 23 · 20018 Donostia · GIPUZKOA ·
Tel 943 319 200 · Fax Administración
943 223 900 · Fax Redacción 943 223 902