
Sahararren bizimoduari buruzko xehetasunak ikusi eta entzun zituzten bertaratu zirenek.argazkia: iker azurmendi
DONOStIa. Saharak eta Euskal Herriak bat egin zuten atzo Chillida Lekun, pasa den ostegunean izandako Haurren Egun Unibertsala zela eta antolatutako jaialdian. Honela, hainbat ekitalditan eta tailerretan parte hartzeko aukera izan zuten Hernaniko museora bertaratu ziren haur eta helduek.
RASDen Lagunen Elkarteak, taldeko hainbat kolaboratzailek (sahararrak zein euskaldunak) eta museoak antolatu zuten jardunaldian ezin baino hobeto pasatu zuten txikienek zein helduek. "Lehenengo aldia da ekitaldi honetara gatozela, baina berriz ere etorriko gara datorren urtean", ziurtatu zuen Jaione Santos igeldotarrak. "Kulturen arteko ezberdintasunak oso aberasgarriak direla erakutsi behar zaie haurrei, baina ohiturak ohitura, denok pertsonak garela. Horretarako, gaur museoan egindako tailerrak eta saioak oso egokiak iruditu zaizkit", gaineratu zuen.
Haurren Egun Unibertsala dela eta, Chillida Lekuk antzeko jardunaldia antolatzen zuen laugarren aldia izan zen atzokoa, eta jendea sentsibilizatzeaz gain, Saharan duela hamalau urtetik lan egiten duen RASDen Lagunen Elkarteari ere bultzada bat ematea zuen helburu.
Egunean zehar egindako ekitaldien bitartez, haurrek zein helduek Saharako kultura, bizimodua eta ohiturak, idazkera, kondairak... ezagutzeko aukera izan zuten. Elba Bujari sahararrak adierazi zuen moduan, "kultura eta gizaki orok ezberdintasunak baino berdintasunak gehiago dituztela erakusteko balio izan digu jardunaldi honek, eta honela, herrialdeen arteko gertutasun sentimendua ere haundi-tzea lortu dugu".
|
|
© NOTICIAS DE GIPUZKOA
Avda. Tolosa 23 · 20018 Donostia · GIPUZKOA ·
Tel 943 319 200 · Fax Administración
943 223 900 · Fax Redacción 943 223 902