legorreta. Urrian egin zuten ohiko Kultur Astea herrian eta horren harira ekimen ugari antolatu zituzten. Horietako bat izan zen laburmetraia lehiaketa, lehendabiziko aldiz antolatu zutena. Lehen aldia izanagatik ere zazpi lan aurkeztu ziren bertara, denak ere emakumeen tratu txarren inguruan egindakoak. Ezer Ez Ta Festa Produkzioak izenarekin, Nora film laburra aurkeztu zuten Agurne Sanchezek eta bere taldeak, Uxue Amondarain, Nagore Sanchez, Naiara Urrutia eta Xabin Fernandezek. Filmaren aurkezpen argazkiak dioen moduan, "tratu txarrak zeharka jasatzen dituen orori" eskaini diote lana. Taldeak egindako lehendabiziko lan honek Legorretako I. Film Laburren lehiaketa irabazi du. Bi sari jaso dituzte, gainera: epaimahaiarena bata, eta ikusleena bestea.