|

Elena Camisonek egindako kartela.
Donostia. Jada aski ezagunak diren Euskal Jaiak ospatuko dira Donostian datorren larunbatetik aurrera. Zortzi egunez, adin eta gustu guztiei zuzendutako jarduerak antolatu dituzte eta, urtero bezala, hilaren 14ko estropadak izango dira hitzordu jendetsuena. Hala ere, aurtengo programak badu berrikuntzarik, izan ere, emakume arraunlarien arteko norgehiagoka ikusi ahal izango da egun bat lehenago.
Urtero bezala, Sagardo Egunarekin hasiko dira larunbatean Euskal Jaiak. Ohitura denez, goiz osoan zehar kupeletako zukuak dastatzeko parada izango dute hiritarrek Konstituzio enparantzan eta 11.00etatik aurrera, gainera, Haizearen Orraziari II.Bira Igerian txapelketaz gozatu ahal izango dute. Baina ez dira izango hauek eguneko hi-tzordu bakarrak Kantu Jira, aizkolari txapelketa, txistularien kon-tzertua, bertsolariak eta dantzaldiak ere ikusi ahal izango baitira gauera arte.
Txistulariek esnatuko dituzte herritarrak igandean eta sokamuturraren ondoren, Kontxako Bandera jokatuko da eta arratsaldean, dantza sueltoko txapelketa izango da.
Aste egunetarako ere prestatu dira trikitixa jardunaldiak, poesia orduak, pilota txapelketak eta azokak, baina asteburua izango da ekitaldi gehien hartuko dituena. Hilaren 12an esaterako, nekazaritza ekologikoko produktuak erosi ahal izango dira eta, horretaz gain, Urgulleko krossa eta Kontxako Badiako LXV. Igerialdia ere antolatuko dituzte. 18.00etan aldiz, emakumeen estropadak ikusteko aukera izango da.
Estropaden bigarren saioa izango da Euskal Jaien ekitaldi aipagarriena, baina arratsaldean ere izango da hitzordu jendetsu bat: Pixka bat es mucho taldearen kontzertua. Ikuskizuna Kursaaleko terrazan izango da eta Loquillo eta Uskizek ere hartuko dute parte. >e.a.s.
|
|
© NOTICIAS DE GIPUZKOA
Avda. Tolosa 23 · 20018 Donostia · GIPUZKOA ·
Tel 943 319 200 · Fax Administración
943 223 900 · Fax Redacción 943 223 902