
Ikasle gazte bat EHUko Ibaetako campusean.argazkia: ruben plaza
donostia . "Neska-mutilek gehien gustatzen zaiena ikasi behar dute; ez gizarteak agintzen diena". Agian begi-bistakoa iruditu arren, uste baino zailagoa da gomendio hori zehatz-mehatz jarraitzea karrera aukeratzeko garaian. Unibertsitateko fakultateetara jo besterik ez dago horretaz jabetzeko. Erizain- tza edo Irakaskuntza ikasketetan, adibidez, apenas dago mutilik; Informatika eta Ingeniaritza egiten, berriz, emakumeen kopurua eskuko hatzekin konta liteke.
"Gizartean estereotipo ugari daude. Badirudi neskentzako lanbide batzuk existitzen direla eta mutilentzako beste batzuk. Eta horrek eragina du ikasketak aukeratzeko garaian", berretsi du Isaac Barriok, Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Orientazio Zerbitzuko arduradunak. Azken urteetan matrikulak izan duen bilakaera da horren erakusle: emakumeak %60 baino gehiago dira Osasun Zientzien (%82), Giza Zientzien (%68), Zien-tzia Esperimentalen (%67) eta Gizarte eta Lege Zientzien (%66) arloetan. Ikasketa Teknikoetan, aldiz, %40 baino gutxiago dira.
Zergatik gertatzen dira diferen-tzia nabarmen horiek? Barriok ez du erantzun zehatzik galdera horrentzat. "Jakingo bagenu, makila magiko bat edukiko genuke. Ez dut uste faktore bakar bat dagoenik", azaldu du. Lehen zergatia, agian, etxean aurki daiteke, adituaren ustez. "Alabak ingeniaritza ikasi nahi duela esaten duenean, askotan gurasoak harritu egiten dira", gogoratu du.
Arrazoiak arrazoi, emakumeek zaintza eta zerbitzu karga indar-tsua duten arloetara bideratzeko joera dute; gizonek, berriz, arlo teknikora. Hala adierazten du orain hilabete batzuk unibertsitatean emakumeek duten presentzia aztertzeko asmoz EHUk kaleratu zuen ikerketak.
kezka Informatika ikasketak dira egoera horren erakusle garbienetako bat. Orain dela hogei bat urte, neska-mutilen matrikula kopurua beretsua zen. Gaur egun, berriz, Donostiako Ibaetako campuseko fakultatean dauden lau ikasletik bat bakarrik da emakumezkoa. "Kezkatuta gaude nesken kopurua beherantz doala ikusita", jakinarazi du Victoria Fernandez irakasleak. Ezinegon hori zela eta, orain dela hiru urte e-makumeak izeneko elkartea sortu zuen Informatika fakultateko irakasle talde batek, egoerari aurre egiteko. Edurne Larraza eta Montse Maritxalar talde horretako kide dira, Fernandez bezala.
"Alde batetik, gizarteak informatika eta makinak gizonezkoen kontutzat hartzen ditu", adierazi du Fernandezek. "Bestalde, informatikariak pertsona barnerakoiak bezala ikusten ditugu. Horrelako estereotipo ugari daude lanbide honen inguruan", gaineratu du Larrazak.
Maritxalarrek adierazi duenez, neskak "mutilak bezain onak" dira karrerak eskatzen dituen abilidadeei dagokienean. "Notetara begiratu besterik ez dago", baieztatu du. Baina arazoa "zabalagoa" da, bere ustez. "Zergatik ez dago mutilik Irakaskuntzan edo Erizaintzan? Gizarte osatu bat nahi badugu, bien eragina beharrezkoa da arlo guztietan", gaineratu du.
"Moden kontua ere bada", azpimarratu du Isaac Barriok. Dena den, egoera hori gainditu ahal izateko, eskola eta institutoetako lana "oso garrantzitsua" dela gogoratu du. "Bigarren Hezkuntzan hasten dira ikasgaiak aukeratzen. Oso inportantea de irakasleak estereotiporik ez bultzatzea eta gazteak animatzea, erabaki horiek etorkizuna baldin-tzatzen baitute", osatu du.
|
|
© NOTICIAS DE GIPUZKOA
Avda. Tolosa 23 · 20018 Donostia · GIPUZKOA ·
Tel 943 319 200 · Fax Administración
943 223 900 · Fax Redacción 943 223 902