
APIRILEAN gaude. Dakizunez, hil honetan jaio ginen gutako asko eta asko: zure amona, amatxi, aitona zena, osaba, izeba... Garai berezia izaten da gure etxean, hainbeste urtebetetzerekin... Gaur, pertsona horietako batzuk gogoan hartu eta argazki-albumak begiratzeari ekin diot, aspaldiko partez.
Eta hara non, halako batean, zure anaiak eta biok Bartzelonan emandako egonaldiaren argazki saila begi aurrean azaldu zaidan. Duela bospasei urte izango zen. Gogoan dut otu zitzaidala bere nerabezaro erdian onuragarria izan zitekeela aitarekin egun batzuk pasatzea Bartzelona bezalako hiri zoragarri batean.
Eta halaxe suertatu zen: nik uste dut oso esperientzia ederra izan zela biontzat, guztiz gomendagarria.
Baina hori horrela izanik ere, onartu behar dut frakaso txiki bat ere eduki nuela. Kontua da saiatu nintzela hiriko kulturaren gune esanguratsu batzuk erakusten: kontzertua entzun genuen Jamboree jazz klubean, Miroren museoan egon ginen, eraikin batzuk bisitatu, pelikula bat ikusi... arrakasta gutxirekin, ordea. Miroren museora egindako bisita bereziki gogoangarria izan zen: ez bazidan 10 aldiz errepikatu seko aspertzen ari zela! Etsipengarria niretzat...
Egun batean, ordea, lagun katalan batek Nou Camperako sarrerak oparitu eta hara abiatu ginen partidua ikustera. Orduan bai, orduan ikusi ahal izan nuen benetan semea pozez zoratzen.
Bale, badakit kalaka ematen ari naizela, baina argazki horien aurrean -nire orduko bizipenetatik haratago-, betiko kezka berpiztu zitzaidan, beste behin ere: Kulturaren transmisioa nola egin behar da? Zergatik ez zarete zuek biok, urrutirago joan gabe, literaturzaleak? Zer dela-eta ez gara gauza izan, gizarte moduan, belaunaldi berriei irakurzaletasuna eta musika onarekiko grina transmititzeko? Zein dira gako izkutuak? Askotan en-tzun dut joera horiek kutsatu egiten direla, baina zergatik ez dugu lortu, bada, guk geuk kutsatzea?
Musu handi bat, politte
|
|
© NOTICIAS DE GIPUZKOA
Avda. Tolosa 23 · 20018 Donostia · GIPUZKOA ·
Tel 943 319 200 · Fax Administración
943 223 900 · Fax Redacción 943 223 902