|

Langileak Urola ibaiaren ertzean ugaritu diren landare inbaditzaileak kentzen, Sanjuandegi auzoan.argazkia: k.f.
Azpeitia. Azken urteetan Urola ibaiaren ertzean ugaritu den Reynoutria Japonica izeneko landare inbaditzaileari aurre egiteko helburuarekin, Azpeitiko Udalak plan bat jarri du abian Eusko Jaurlaritza eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin. Proiektuaren baitan, landare hauek ordezkatu eta deuseztatuko dituzte eta herriko bi gune desberdinetan ari dira lanean gaur egun: "Haltza, lizarra eta sahatsa sartzen ari gara, bertako landareak direlako. Hasiera batetan, Eskuzta eta Loiolabiden, igerilekutik hasi eta Loiolara doan eremuan, arituko gara kanalizatu gabeko leku bakarrak dira eta berreskuratu egin nahi ditugu", adierazi zuen Udaleko Ingurumen teknikari den Izaskun Zeziagak.
Japoniatik iritsi den landare inbaditzaileak eragiten dituen arazoak eta kalteak handiak direla azaldu zuen Zeziagak: "Erraztasun handiz ugaritzen da eta metodo eraginkorrik ez dago honi aurre egiteko. Bestalde, uretako ekosistemaren oreka apurtu egiten du eta bertako landareak direnak ere mugitu egiten ditu".
Landare inbaditzaileari aurre egiteko modu desberdinak aztertu ditu Udalak. Honela, modu mekanikoa landarea moztu eta beste bat birlandatzea litzateke, produktu kimikoak ere erabili daitezke, "baina kontu handiz erabili behar da produktu hau, uretako ekosistema apurtzeko arriskua baitago" eta, azkenik, modu biologikoa egongo litzateke, beste espezie bat sartzea, hain zuzen ere.
Udalak landare inbaditzaileari modu mekanikoan aurre egitea erabaki du, "badakigu itzaletan ez dela ondo moldatzen eta hortik abiatu gara lanean. Baina ikaragarrizko aurrekontu altua ateratzen zitzaigun eta Foru Aldundiarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin harremanetan jarri ginen laguntza bat jaso-tzeko", gaineratu zuen Ingurumen teknikariak.
Hala, Gipuzkoako Foru Aldundia duela bi urte Eskuztako gasolindegiaren atzean, landare inbaditzailearen kontra probak egiten hasi zen, era mekanikoan eta kimikoan, banaka eta batera erabiltzearen eraginkortasuna ikusteko eta "Udalak, landare horren aurka egiteko erakutsitako interesagatik eta Ikasberri Azpeitiko Ikastolako ikasle batzuk egindako lanaren emaitzak eta ondorioak jaso dituztela eta, Azpeitian lan egiteko prest azaldu da Gipuzkoako Foru Aldundia", esan zuen Zeziagak.
Reynoutria Japonica espezie inbaditzailearekin amaitzeko proiektua lauzpabost urtez luzatuko dela aurreratu zuten udal arduradunek, "lanak orain hasi dira, baina hurrengo urteetan jarraipena egin beharko zaio egindako lan guztiari. Ea, dena amaitutakoan gure ibai ertzak ziren bezalakoak berreskuratzea dugun, ondare ekologiko handikoak baitziren", agertu zuen Zeziagak.
Gaur feria Bestalde, gaur arratsaldean ezin izango da herriko plazan autorik utzi, hileroko baserritarren feria egingo baita. Normalean, hileko hirugarren asteazkenean izaten da, baina aurreko astean San Jose eguna zenez, astebete atzeratu dute.
|
|
© NOTICIAS DE GIPUZKOA
Avda. Tolosa 23 · 20018 Donostia · GIPUZKOA ·
Tel 943 319 200 · Fax Administración
943 223 900 · Fax Redacción 943 223 902